Fernando Morillo Grande. Idazlea. (Azpeitia, 1974). Filosofian lizentzaitua eta zientzia zale. Alor ugari landu ditu: gazte literatura, thriller zientifikoak, dibulgazioa, biografiak…2011n argitaletxe propioa sortu zuen (Gaumin) bere istorioak hobeto landu ahal izateko.

fernando-morillo-eta-bestea

-Euskaraz argitaratuko diren Irakurketa Errazeko lehen liburuetako bat da zeurea. Zergatik?

Hamabost urte pasatxo daramatzat euskal literaturaren munduan, idazten eta, neurri handi batean, herriz herri liburuez solasean. Joan-etorri etengabe horretan, makina bat irakurlerekin egoteko aukera izaten dut, oso bereziki irakurle gazteekin. Batik bat horiexek, irakurle gazteek, erakutsi didate zenbaterainokoa den gure premia larria testu irakurterrazak izateko. Euskaraz ari naiz bereziki. Euskaldun askori (zintzo izanda eta zoritxarrez, gehienei esan behar genuke) zaila egiten zaie euskaraz irakurtzea, hamaika arrazoirengatik: dela ohitura falta edo alfabetatzeko aukerarik ez izana, dela hiztegi arazoak… Arrazoiak arrazoi, edonola ere, askoz gehiago interesatzen zaizkit konponbideak. Edo, hobeto esanda, konponbide ahaleginak, ezin baitugu ziur jakin zein diren bide egokiak, ahal bezainbeste ibili eta probatu gabe. Horrexegatik aritu naiz azken urteotan hainbat testu hurbil eta irakurterraz lortzeko saiakeran, baina nahi baino gehiagotan aurkitu dut, ai, gehiegirentzat ez zirela inondik ere nahiko errazak, ezta gune euskaldunetan ere!

Horri lotua, oraintsu atera dira azken Mapa Soziolinguistikoaren ondorioak. Zer argituko haiek, eta euskararen ezagutzak gora egin arren, erabilerak bere horretan dirauela, ur geldiaren modura. Ur geldia, ordea, ur ustela bilaka daiteke konturatzerako. Testu ulergarriago horren bila ari nintzela aurkitu nuen, bada, Irakurketa Errazaren proiektua. Duela hogeita hamar urte Europako iparraldean espreski sortutako sistema, irakurtzean ulertzeko arazoak zituztenei laguntzeko. Bereziki egokia iruditu zitzaidan gurerako. Ez bakarrik jatorrizko helburuengatik (bereziki prestatua arazo fisiko edo psikologiko zituztenentzat, etorkinentzat…).

Gurean multzo dexentez zabalagoa zela iruditzen zait: aurreko belaunaldietan alfabetatu gabeak direnak, inguruko hizkuntza “handien” konpetentzia, kaleko euskararen eta euskara literarioaren arteko tarte nabarmen handiagoa inguruko hizkuntzetakoa baino… Zenbat euskaldun zaharri ez nien entzungo sarriegitan, penaz haiek eta penaz nik, Berria edo herri aldizkaria irakurtzeko gauza ez zirela! Ikusitakoak ikusita, buru-belarri sartu naiz Irakurketa Errazaren munduan. Argi eta garbi esanda, iruditzen zait guretzat arnasa bezain lagungarria (eta gozagarria!) izan daitekeela: hainbat euskaldunentzat, uste dut bere hizkuntzan irakurtzeko ataria lehenbizikoz zeharkatzea ekar dezakeela. Ilusio handia egiten dit.

-Erraza da erraz idaztea?

Erraza da mendira joatea? Gogoaren baitan da dena! Mendirik zailena ere, mendia bihotzean baduzu, gozoa egingo zaizu… aldi berean latza eta mingarria ere izan daitekeen arren. Baina bost axola malkar eta neke horiek, mendia bizi nahi (eta behar) izatearen ondoan! Idaztea horren antzeko bidaia da. Eta erraz idaztea, beste hainbeste. Bizitzan dena bezala, alde batetik errazagoa da eta beste batetik zailagoa. Adibidez, erraz idaztean baldintza jakin batzuk dituzu: oro har egitura sinpleagoak, ahal dela oinarrizko hiztegia, istorioaren funts-funtsezkoari heldu behar, inguruminguruetan aritu gabe… Itxuraz, erraztu behar horrek erraztu egin behar luke lana. Ez du zertan, ordea. Istorio “normal” baten korapilo berberak izan ditzakezu erraz idaztean.

Tresnak errazagoak izan arren, edo beharbada horrexegatik, batzuetan beste era batera erabili beharko dituzu. Eta bestela pentsatu behar horrek zure tresnak beste era batean erabiltzen irakatsiko dizu. Hau da, aberastu egiten zaitu. Izan ere, istorio bat kontatzeko hamaika modu dago, eta hitz apur batzuk aski dira istorio zoragarri bat josteko. Marrazkilari batek arkatz soil eta txiki batekin irudirik bikainena garatu lezakeen modu bertsuan. Erraz idaztea ez da inolako muga, bidea beste era batera gozatzeko aukera baizik. Irakurleak ere antzemango ditu alde horiek, istorioaren koloreak beste era batean iritsiko zaizkiolako. Horixe helburua: irakurleei bestelako bide batzuk erakustea, beste irakurle batzuengana iristeko (tartean, orain arte irakurle izan ezin diren batzuengana). Hortaz, ez da errazagoa erraz idaztea. Baina bai ederra!

-Zer aurkituko du irakurleeak “Santiago Bidearen misterioan”?

Batzuetan, istorioak ez dituzu imajinatu behar: haiek etortzen dira zuregana, ia oihu basatika. Orain urte gutxi, Santoñan pasieran nintzela, motxila erraldoidun gizon edadetu bat ezagutu nuen. Marinel zaharra zela kontatu zidan, eta Norvegiako itsasoan zebilela bere itsasontzia hondoratu egin zela. Bera izan zen birizik atera zen bakarra, oso gaizki atera ere. Sekula ibiliko ez zela esan zioten medikuek. Baina berak borroka egin, urteetan. Eta ibili. Haren ondoren eta ondorioz, munduan zehar zebilen marinela, bide sakratu guztiak ibiltzen. Nik topatu nuenean Santiago Bidean zen, auskalogarrenez. Ehun mila kilometrotik gora zeramatzan hankatan eta bihotzean. Bai historia ederra!! Hari horri bigarren bat eransteko orduan ere, errealitatea etorri zitzaidan ate joka. Mutil gazte baten azken Santiago Bideari buruzkoa. Baina hori ez det hemen kontatu nahi, irakurleari ezustea ez zapuzteko eta berak lehenbizikoz aurki dezan liburuan, hala nahi badu. Aurrekoa bezain bizipen zirraragarria dela aitor dezaket soilik. Motibatzailea eta indargarria zeharo.

Benetako bi historia, beraz, nire barruko haur istorio-goseak egokitu dituenak. Pertsonaiak eta garrantzitsuena errealitatetik hartuak diren arren (haiei hortaz dagozkien loreak), neuk asmatua da gainerako hezurdura. Gizon baten borroka latza aurkituko duzue, bizitza berreskuratzeko ahalegin ausarta, barne-beldurrik madarikatuenak gainditzen saiatzeko. Eta gazte baten bestelako borroka bat… borroka bera dena azken batean. Zure eta bion eta guztion borroka. Beti errepikatu diodana irakurleari: liburua zabaldu eta dastatu orrialde bat. Lehena, hamargarrena… Edozein. Patuari utzi lekua. Hitz apur horiek xuxurlatuko dizute bide hori behar bezala iritsiko zaizun. Hala bada, goxatu bidaia bihotzez eta bihotzean. Nik hala egin nuen.

santiago-bidearen-misterioa

(Entrevistas realizadas por Gaumin Argitaletxea para la presentación de su colección de títulos LF en euskera)

FacebookTwitterLinkedInGoogle+PinterestEmailEvernote